Kabalkadarik izango ez den arren, Errege Magoak kalean ibiliko dira urtarrilaren 5ean

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 2a, 11:22

Aurtengoan ez da Errege Magoen kabalkadarik izango, baina urtarrilaren 5ean herriko auzoetan eta kaleetan barrena ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar haurrak agurtzen. Udalak hiru gune egokitu ditu erregei gutunak bidaltzeko.

Errege Magoak datorren asteartean –urtarrilak 5– iritsiko dira Azkoitira, eta etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik, auzoetan eta kaleetan barrena ibiliko dira umeak agurtzen. Horixe da Azkoitiko Parrokiak jakinarazi duena; izan ere, Parrokia arduratzen da Errege Magoen bisita antolatzeaz, udalaren laguntzarekin.

Aurten, osasun larrialdia tarteko, Errege Magoak ez dira kabalkadan aterako. Dena den, bazkalondoan herrian zehar ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Era berean, Errege Magoei idatzitako gutunak uzteko hiru gune egokituko ditu udalak. Parrokiaren aurrean, udaletxean eta Elkargunean ipiniko dituzte zakuak gaur eguerdian, eta etxez etxeko banaketarekin hasi aurretik jasoko dituzte zaku horiek erregeek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide