Ezohiko udalbatzarra izango da bihar, abenduak 30, 19:00etan hasita, udaletxeko batzar aretoan. Bilkuran aztertuko dituzten gaien artean datorren urterako kontuena dago, hala nola 2021eko udal aurrekontua nahiz San Jose egoitzako, Zubiaurre-Elkargune Institutuko eta Azkoitia Lantzen SAko aurrekontuak erabakiko dituzte udal ordezkari politikoek. Kontuez gain, datorren urteko langileen plantilari eta lanpostuen zerrendari hasierako onespena ematea edo ez bozkatuko dute.
Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 14. Sektoreko (Ugarte Igara) bigarren exekuzio unitateko birpartzelazio proiektuaren aldaketa behin betikoz onartzen duen 2016ko otsailaren 3ko alkatearen ebazpenaren ofiziozko berrikuspenaren inguruko ebazpenaren berri ere emango dute biharko udalbatzarrean. Gainera, Txalonerrekan (Azkoitiko 10. sektorean) babes publikoko etxebizitzak sustatzeko Azkoitiko Udalaren, Azkoitia Lantzen SAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenaren onespena proposatuko dute.
Kontu horiek guztiak erabaki ondoren, aurrekontuaren berri emango dute, eta galdera eta erreguetarako tartea izango da.