Intzidentzia tasa 517ra igo da Azkoitian, eta bihartik berriro itxi egin beharko dituzte tabernak

Nerea Uranga 2020ko abe. 24a, 14:55

Azken egunetako COVID-19aren kasu positibo berriekin positibotasun tasaren ehunekoa 517,14koa da Azkoitian. Ondorioz, eremu gorrira igaro da eta bihartik aurrera ostalaritzako establezimenduak itxita egon beharko dira.

Joan den ostiraletik asteartera bitartean 33 kasu positibo berri zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Azkoitian, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak ere gora egin du: joan den ostegunean (abenduaren 17an) ehuneko 291koa zen tasa eta asteartean (abenduaren 22an) ehuneko 517,14koa. Beraz, sei egunetan eremu horian egotetik gorrira pasatu da Azkoitia. Horrenbestez, semaforoa gorria jarri da Azkoitian, eta ondorioz, bihar ostalaritza guneak itxi egingo dituzte berriro.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak gaur atera du ebazpena bihartik ostalaritzako establezimenduak itxi beharko dituzten udalerrien berri ematen. Ostalaritza itxita izan beharko duten Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerriak dira Azkoitiaz gainera, Azpeitia, Aretxabaleta, Arrasate, Beasain eta Ordizia. Datuak eta eremuak berrikusiz astelehenetan eta ostegunetan ateratzen du Jaurlaritzak ebazpena.

Azkoitiko Udalak ostalaritzak bihartik aurrera itxita egon beharko duela ohartaraziz oharra atera du, eta zehaztu du Azkoitiko intzidentzia tasa 500etik jaitsi arte ezingo direla berriro taberna eta jatetxeen ateak zabaldu. Etxera eramateko zerbitzuarekin jarraitzeko aukera izango dute, ordea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide