Saharari buruzko Haizearen egia filma aurkeztu zuten atzo, asteartea, Elkargunean, eta ondoren, Saharako egoeraren inguruko solasaldia izan zen. Gaiak interesa piztu zuen, eta herritar ugari bertaratu zen saiora. Haizearen egia film laburra Ekain Albite zumaiarrak zuzendutakoa da, eta berak ere parte hartu zuen emanaldiaren ondorengo hitzaldian, Fatimetu Zenan sahararrarekin nahiz Darahli elkarteko Samuel Ruizekin batera.
Euskal Herrian bizi den Tahar 20 urteko sahararraren istorioa kontatu du Ekain Albitek Haizearen egia film laburrean. Haren familia Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizi da, eta handik dei bat jasoko du berri txar batekin: aita hilzorian dago. Saharara itzuliko da eta han aurre egingo dio iraganeko oroitzapenei eta kontraesanei.
Haizearen egia film laburra Maluta* Filmsek ekoiztu du, eta Zestoako eta Zumaiako udalen, Euskal Fondoaren, Daralhi eta Wadna elkarteen nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Lekeitiko Euskal Zine Bileran epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.