Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu du azken hiru egunetan atzemandako kasu positiboen txostena, eta han jakinarazi dutenez Azkoitian hemeretzi kasu positibo zenbatu dituzte ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Ostiralean zortzi kasu baieztatu zituzten, larunbatean bi eta atzo, igandea, bederatzi. Joan den astelehenean 11 kasuren berri eman zuen Osasun Sailak; gaur ia bikoiztu egin da kopurua.
Kasuen gorakadaren ondoren, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du herrian. Eremu laranja da Azkoitia gaur-gaurkoz, baina hurbil du eremu gorria berriz ere. Intzidentzia tasa 425,39raino igo da azken datuekin, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza guneak ixteko ezarritako 500eko langa oso gertu du.
Maxixatzenek jakin ahal izan duenez, gaurko, biharko eta asteazkeneko probetan hamahiru kasu baino gehiago atzemanez gero, Eusko Jaurlaritzak ostiraletik aurrera Azkoitian ostalaritza guneak ixteko agindua emango du. Osasun Sailak datorren ostegunean, abenduak 24, berrikusiko ditu intzidentzia tasaren datuak, eta Azkoitia eremu gorria izatera pasatzen bada, abenduaren 25ean tabernak eta jatetxeak ixtera behartuko ditu.
Urola Kosta eskualdean, orotara, 54 kasu detektatu ditu Osasun Sailak; joan den astetik beherakada nabarmena izan du datuak eskualdean, izan ere 83 kasu jakinarazi zituzten joan den astelehenean. Azkoitiko hemeretzi kasuez gain, Azpeitian hamabost kasu hauteman dituzte, 11 Zarautzen, lau Orion, bina Aian eta Zestoan eta bat Zumaian. Eremu gorria izaten jarraitzen du Azpeitiak. Azken hamabost kasuekin zertxobait gora egin du han intzidentzia tasak; 757,22koa da zenbatekoa.
Zarautz, aldiz, eremu laranja da. 11 kasu zenbatuta 321,87koa da azken hamalau egunetako intzidentzia tasa; behera egin du, beraz, tasak Zarautzen, ostiralean 339,04koa zen eta. Orio eta Zumaia eremu horia dira, 230,98ko eta 162,85eko tasekin. Orion lau kasu atzeman dituzte azken hiru egunetan eta Zumaian bakarra. Orion intzidentzia tasak gora egin duen bezala, behera egin du Zumaian. Aian eta Zestoan, bestalde, bina kasu atzeman dituzte, biak atzo egindako probetan. Eskualdeko gainerako herrietan ez da kasu positiborik izan.
400 positibo azpitik
Kasu positiboek Hego Euskal Herrian zertxobait gora egin dute oro har, 397 kasu positibo zenbatu baitzituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.484 PCR proba edo antigento test egin zituzten atzokoan, eta 339 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeen arabera, 88 kasu zenbatu zituzten Araban, 118 Bizkaian eta 129 Gipuzkoan; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunen positiboak ere zenbatu dituzte, ordea. Nafarroan, aldiz 58 positiboren berri eman dute gaur; 975 proba egin zituzten han.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hogei pertsona ospitaleratu ziren atzo eta gaur-gaurkoz 317 lagun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 97 daude ZIUn edo zainketa berezietan. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea ere azken egunetan bezala mantentzen da; 0,89koa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere tasa horren kopuru altuena Gipuzkoakoa da, 0,93koa baita gaixotasunaren oinarrizko birsortzeko tasa.