Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu dituen datuen arabera, atzo ez zuten positibo bakar bat ere zenbatu herrian. Joan den ostiralaz geroztik, berriz, 26 zenbatu dituzte. Duela astebetekoak baino datu kaskarragoak dira. Orduan bederatzi ziren astebetean herrian atzemandako kasuak eta 225,21eko zen intzidentzia tasa. Gaur altuagoa da, 291,93koa, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak eremu horia deitzen dion horretan mantentzen da Azkoitia, tabernak ixtea ekarriko lukeen 500eko intzidentzia tasa horretatik urrun. Astean zehar izan dira gorabehera batzuk intzidentzia tasari dagokionean, baina 300eko tasa horren bueltan errenditu da, nahikoa egonkor beraz.
Eskualdean, berriz, gora egin du positiboen kopuruak. 27 zenbatu zituzten atzo, herenegun baino zortzi gehiago, baina Azpeitiko hemezortzi positiboak dira igoera horren erantzuleak. Gainontzeko herrietan bederatzi zenbatu zituzten orotara: lau Zumaian, hiru Zarautzen eta bana Getarian eta Orion. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bakar bat ere ez.
Aste osoko datuak kontuan hartzera, Azpeitia izan da positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria, 75. Hango egoera kezkagarria da, eremu gorrian dago, eta intzidentzia tasa gorantz ari da egunez egun; gaur 730,65ekoa da. Haren ostean, Zarautz izan da azken astean positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria, 39, eta 339,04ko intzidentzia tasarekin, eremu laranjan dago. Azkoitiarekin batera, eremu horian daude, berriz, Orio eta Zumaia. Orion zazpi dira azken astean atzemandako positiboak, eta 164,99ekoa da han tasa; Zumaian, hamalau positiborekin, 173,03koa da tasa. Eskualdeko gainerako herriak ez dira sartzen Jaurlaritzaren koloreen eskeman, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztelako. Zestoan bost positibo atzeman dituzte azken astean, Aian hiru eta Getarian bi. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bakar bat ere ez. Astebetean, denera, 171 positibo baieztatu dituzte eskualdean.
Hego Euskal Herrian, gorabehera handirik gabe
Hego Euskal Herrian 528 positibo hauteman zituzten atzo, eta 520 izan ziren herenegun, gorabehera handirik ez da izan beraz.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.787 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta horietatik 465ek eman zuten positibo, bezperan baino 69 gehiagok. Positibotasun tasak ere zertxobait gora egin du, %3,1etik %3,6ra. Bizkaian 193 positibo zenbatu zituzten, 191 Gipuzkoan, eta 78 Araban.
Erietxeetako presioa duela astebete baino txikiagoa da. Joan den ostiralean 506 lagun zeuden ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik 112 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Gaur, ostera, 413 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 98 daude ZIUn.
Nafarroan, ostera, beherakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak. Herenegun 124 zenbatu zituzten, eta atzo 63. Positibotasun tasak ere nabarmen egin du behera: herenegun %6,8koa zen, eta atzo, egin zituzten 1.830 PCR eta antigeno testetatik % 3,4k eman zuten positibo.