Mikel Iraeta musikari azkoitiarrak bere bakarkako lehen lan luzea kaleratu du. Oinatzak izena eman dio lanari musikariak, eta zortzi kanta bildu ditu disko bakarrean; Iraetak konposatu ditu kanta guztiak. Produkzio lanetan, berriz, beste azkoitiar bat izan du alboan: Alberto Martinez. Nahasketa eta masterizazioa Martinezek egin ditu, eta diskoaren azala Itxaro Iraetak.
Musikariak jakinarazi duenez, disko berriari lotutako hiru bideo kaleratu ditu dagoeneko, eta beste bi ikus-entzunezko ditu prestatuta, "pixkanaka" kaleratzen joateko. Doinu berri horiek guztiak, gainera, Spotify, Youtube eta Bandcamp plataformetan zintzilikatu ditu azkoitiarrak.