Ostegunean Interneten jarriko dituzte salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak

Andoni Elduaien 2020ko abe. 15a, 15:52

'Amaren intxaurrak' ikuskizuna eskainiko dute Azkoitian. (Pirritx, Porrotx eta Marimotots)

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Amaren Intxaurrak' ikuskizunerako sarrerak Entradium plataforman eskuratu ahal izango dira, 10:00etatik aurrera.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 23an, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Ohi bezala, aurten ere bi emanaldi eskainiko dituzte hiru pailazoek. 16:00etan izango da lehen saioa, eta 18:30ean bigarrena. Sarrera bakoitzaren prezioa sei eurokoa izango da.

Sarrerak datorren ostegunean, abenduak 17, Entradium plataforman eskuratu ahalko dira, 10:00etatik aurrera. Azkoitiko Udalak sarrerak erosteko bi modu zabaldu ditu; batetik, udalaren webgunearen agendako loturan klik eginda erosi ahalko dira sarrerak, eta bestetik, Entradium online plataforman. Udalak jakinarazi duenez, erosketa bakoitzean gehienez sei sarrera eskuratu ahalko dira.

Baztartxo antzokiko sarrerak online erosteko aukera ahalbidetu du udalak. "Abenduan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak bakarrik jarriko dira Internet bidez erosteko moduan, baina Kultura sailaren asmoa da urtarrilean Baztartxoko emanaldietarako sarrerak online eskuratzeko aukera eskaintzea", azaldu du udalak. Udalaren arabera, helburua da ikuslegoari sarrerak erosteko eta ikuskizunaz gozatzeko "erraztasunak ematea". Entradium plataformako bilatzailean 'Pirritx, Porrotx eta Marimotos', 'Baztartxo' edo 'Azkoitia' hitz gakoak idatzita ere aurkitu ahal izango da sarrerak erosteko lotura.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide