Azkoitiko Udalak bertan behera utzi du urteko Kirolari Onenaren Sariketa. Udalak azaldu du "COVID-19ak ekarritako ondorioak" guztiek ezagutzen dituztela, eta beste esparru batzuen artean, kirola ere "kaltetuta" atera dela. "Taldeek ezin izan dute ohiko denboraldia egin. Batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago, baina ukaezina da ezohiko urtea dela aurtengoa", adierazi dute.
"Erabakia hartu dugu, batik bat, zaila suertatzen delako kirolarien merituak behar bezala baloratzea, denek ez baitituzte aurten aukera berdinak izan jokatzeko eta lehiatzeko", azaldu du Sonia Vazquez Kultura batzordeburuak. "Pena eman digu, polita izaten delako herriko kirolariak omentzea eta haien ahaleginari aitortza egitea, baina beste gauza asko bezala, datorren urterako utzi beharrean aurkitu gara", esan du zinegotziak.