Herriko kontsumoa suspertzeko mila bonu atera zituen Azkoitiko Udalak hil honen hasieran, eta oraindik ere badago txartel horiek eskuratzeko aukera. Bonuak sarean erosteko epea bihar, ostirala, amaituko da www.dendago.com/azkoitia webgunean, eta datorren astelehenetik aurrera udaletxean soilik eskuratu ahal izango dira. Txartelak erosi nahi dituzten herritarrek Herritarren Zerbitzu Bulegora jo beharko dute astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara bitartean.
Bonuak herriko kontsumoa suspertzeko eta merkatariei, ostalariei nahiz zerbitzuen sektoreari COVID-19ak eragindako krisia arintzen laguntzeko dira; 40 eurotan daude salgai, eta 60 euroko balioa du bakoitzak. Beraz, 60.000 euroko negozio-bolumena eragingo du kanpainak. Urtarrilaren 5era bitartean erabili ahal izango dira txartelak, eta erosketek hamar eurotik gorakoak izan beharko dute bonuak erabili ahal izateko.