Haurrentzako eta nerabeentzako ekintza ugari antolatu dituzte Gabonetarako

Andoni Elduaien 2020ko abe. 10a, 10:49

Urtarrilean patata tortilla lehiaketa egin ohi dute gaztetxoek, Kontzejupean.

Artxamendi topalekuan zein Abarketatxo ludotekan ekintzak egingo dituzte. Bestelako tailerrak eta ikuskizunak ere antolatu dituzte aurtengorako, ordea. Guztietarako izena eman edo sarrera erosi beharko da aurrez.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak sustatuta, eta Artxamendi topalekuarekin eta Abarketatxo ludotekarekin elkarlanean, hainbat ekintza antolatu dituzte Gabonetarako haurrentzat eta nerabeentzat. Aurten, egungo osasun egoeragatik, ez dute Gabonetako parkerik jarriko Elkargunean, baina aisialdiko ekintzetan, tailerretan eta ikuskizunetan parte hartzeko aukera izango da.

Artxamendi topalekuan, ohi bezala, Gazte Astea egingo dute abenduaren 28tik urtarrilaren 5era. Ibilaldiak, jolasak, lehiaketak, tailerrak eta scape room saioak egingo dituzte, besteak beste. Ekintza horietan parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa izango da, eta horretarako aukera hilaren 18ra arte egongo da, Gazte Zerbitzu Bulegoan.

Abarketatxo ludotekan, bestalde, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean Negunebai ekintzak egingo dituzte. Besteak beste, sukaldaritza, eskulanak, lehiaketak eta egunpasak egingo dituzte. Ludotekako bazkide direnek abenduaren 11tik 15era bitartean eman beharko dute izena, Gazte Zerbitzu Bulegoan. Bazkide ez direnek, berriz, abenduaren 16tik 23ra bitartean. Plazak mugatuak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Tailerrak eta ikuskizunak

Gazte Astea eta Negunebai ekintzez gain, Gazteria sailak tailerrak eta ikuskizunak ere lotu ditu Gabonetarako. Abenduaren 28tik 30era bitartean, DBH1etik DBH4ra bitarteko ikasleentzat 'Egin zure drona' ikastaroa eskainiko dute Elkargunean. Tailer horretan parte hartzeko izena eman beharko da abenduren 18a baino lehen, Gazte Zerbitzu Bulegoan. Egun berdinetan, LH3tik LH6ra bitarteko ikasleentzat Lego, Spike eta Prime bezalako robotika ikastaroa eskainiko dute. Horretarako ere izena eman beharko da Gazteria Zerbitzuaren Bulegoan, hilaren 18a baino lehen.

Ikuskizunak ere izango dira, ordea, Elkargunean. Burutik jota, Ganbaran, Patxin eta Potxin pailazoen Ingurumena zaindu zirkua eta Kantu Kolore taldearen Ametsen urtebetetzea emanaldia izango dira. Abenduaren 26an, 16:30ean, Trokolo Antzerki Taldeak Burutik jota antzezlana eskainiko du haurrentzat eta sendientzat, Elkarguneko estalitako kantxan. Abenduaren 27an, berriz, Ttipia produkzioak Ganbaran antzerkia eskainiko du haurrentzat eta gurasoentzat. Antzezlana Elkarguneko estalitako kantxan izango da, 16:30ean.

Urtarrilaren 2an, bestalde, Patxin eta Potxin pailazoek Ingurumena zaindu zirkua eskainiko dute. Emanaldi hori ere Elkarguneko estalitako kantxan izango da, 16:30ean. Urtarrilaren 3an, azkenik, Kantu Kolore taldearen Ametsen urtebetetzea emanaldia izango da ikusgai Elkarguneko estalitako kantxan eta ordu berean.

Ikuskizun horietarako sarrera guztiak abenduaren 14tik aurrera eskuratu ahal izango dira Gazte Zerbitzu Bulegoan. Goizez, 10:00etatik 12:00etara egongo dira sarrerak eskuragarri, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Ikuskizun bat ikusteko sarreraren prezioa hiru eurokoa izango da, baina lau ikuskizunak ikusteko bonoa ere egin dute, eta 10 euroren truke eskuratu ahalko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide