Udane Juaristi margolari azkoitiarrak Ibilixen erakusketa zabaldu du gaur, ostirala, Torrezuri erakusketa aretoan. Artista azkoitiarrak 2018tik gaur arte egindako artelanen aukeraketa aurkeztuko du hilaren 20ra bitartean. Erakusketan ikusi ahal izango diren lanetan, bilakaera piktoriko bat dago obra urbanoetako garaietatik oraingo obra organiko berrienetaraino.
Katapulta plataformak sustatuko du erakusketa, Torrezuriren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Astelehenetik ostegunera bitartean, 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita Torrezuri; ostiraletan eta larunbatetan, goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Igandeetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara egongo da irekita aretoa.