Koronabirusak ez du atsedenik ematen, baina atzokoa behintzat egun lasaia izan zen Azkoitian. Urriaren 3tik lehendabiziko aldiz, ez zuten kasu bakar bat ere atzeman herrian. Hala diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuek. Azken astean, berriz, hamazazpi positibo zenbatu dituzte, aurreko asteetan baino askoz gutxiago. Horrenbestez, intzidentzia tasak maldan behera jarraitzen du, eta gero eta biziago gainera. Duela astebete 100.000 biztanleko 850,78 zen, eta gaur 650,60 da, urriak 6az geroztik izan den baxuena. Dena dela, oraindik semaforo gorriak piztuta jarraitzen du.
Eskualdean ere, datu baikorrak. Astelehenean 22 positibo baieztatu zituen Osasun Sailak, eta hamalau izan ziren atzo. Zarautzen baieztatu zituzten kasu gehien, bost; lau izan ziren Azpeitian; bi Zumaian; eta bana Getarian, Orion eta Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten kasurik atzeman izan atzo.
Hego Euskal Herrian, gora
Hego Euskal Herrian, ostera, bezperan baino positibo gehiago zenbatu zituzten atzo. Araban (101), Bizkaian (257) eta Gipuzkoan (195) ugaritu egin ziren positiboak; Nafarroan, aldiz, bezperan baino zazpi gutxiago atzeman zituzten, 62 hain zuzen.
Araban, Bizaian eta Gipuzkoan 8.938 PCR eta antigeno test egin zituzten guztira, eta horietatik %6,3k eman zuten positibo. Positibotasun tasa apur bat igo egin da, beraz.
Erietxeei dagokionez, beste 41 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 362 lagun zeuden hiru lurraldeetako erietxeetako plantetan. Horiez gain, beste 129 lagun zeuden Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU); bezperan baino bi gutxiago.