Larunbatean izango da aurtengo San Jose trikiti jaialdia. Izatez, martxoan egin behar zuten emanaldia, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezin izan zuten egin orduan, eta hilabete batzuk atzerago bada ere, zapatu honetarako jarri dute hitzordua.
Ikusle kopuru mugatua izango da Soreasu antzokian, eta horregatik, bi saio egingo dituzte: 16:00etan eta 19:00etan. Martxorako sarrerak erosi zituztenek, Trikitixa elkarteko 943-83 28 28 telefono zenbakira deitu beharko dute saioa zer ordutan ikusi nahi duten zehazteko. Dena den, orduan sarrerarik eskuratu ez zutenek badute oraindik horretarako aukera: sarrerak elkarteko telefonora deituta edo trikitixa@trikitixa.eus helbidera mezua idatzita eros daitezke.
Aurtengo edizioan, honako musikari hauek izango dira Soreasuko agertokian: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; eta Astiasaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui. Horiez gain, baina, sorpresaren bat ere izango dela aurreratu dute jaialdiaren antolatzaileek.