Eusko Jaurlaritzak abenduaren 10era arte mantenduko ditu indarrean neurri murriztaileak

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 19a, 21:33

LABIren gaurko bilerako argazkia.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu berri duenez, "eraginkorrak" ari dira izaten orain artean hartutako neurriak, baina oraindik birusaren transmisioa "oso altua" dela nabarmendu du.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeak —LABI— bilera egin du gaur arratsaldean, koronabirusaren izurritearen kontra hartutako azken neurrien eraginkortasuna aztertzeko, eta beharko balitz, neurri berriak ezartzeko. 

Duela minutu batzuk, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia izan da, eta bileran landutakoaren gaineko adierazpenak eman ditu. Adierazi duenez, indarrean jarraituko dute abenduaren 10era arte oraingo neurri murriztaileek.

Osasun sailburuaren esanetan, neurriak "eragin positiboa" ari dira izaten, eta hori "azken egunetako joera aldaketan antzematen da". Orain artean hartu dituzten erabakiak "onak" direla iritzi dio Sagarduik, egoera epidemiologikoaren larritasunaren araberakoak. Gizarteak neurrien aurrean emandako "erantzun onari" ere egin dio erreferentzia. 

Dena den, oraindik birusaren transmisioa "oso altua" eta ospitaletako presioa "handia" delako, neurriei eustea erabaki du Batzorde Teknikoak, herritarren mugikortasuna eta gizarte-harremanak ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin. Izan ere, Biziberri II Planean aurreikusitako bosgarren mailan daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, hau da, transmisio egoera oso handian.

Hori dela eta, izurriteari aurre egiteko "beste ahalegin bat" eskatu dio sailburuak gizarteari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide