Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak aukeratu du zuzendaritza talde berria. Hori aukeratzeko bozketa urriaren bukaeran egin zuten. Ainhoa Etxabe oriotarra buru den taldea izan da aukeratua. Era horretan, federazioak aurrenengo aldiz emakume bat izango du presidente. Zuzendaritza talde berrian bi azkoitiar daude: Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolaria eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Gainontzeko talde gidariko kideak dira Joseba Ostolaza zestoarra (presidente ordea), Iñaki Oliden oriotarra (idazkaria), Iñigo Eizagirre zarauztarra eta Jose Ignazio Saizar oriotarra.
Etxabek jakinarazi du dagoeneko lanean hasi direla, "gogoz" gainera. "Herri kirolak gizartean zabalkunde eta babes handiagoa izan dezan" lan egingo dutela azaldu du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidente berriak.