Anaitasunak gaur ezagutuko du Errege Kopako aurkaria

Andoni Elduaien 2020ko aza. 16a, 08:05

Gaur berriz ikusiko da irudi hau.

Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka jokatu beharko dute 'gorrixek' abenduaren 16an, Txerloian.

Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak gaur, astelehena, jakingo du Espainiako Lehen Mailako zein talderen aurka jokatuko duen Errege Kopako kanporaketa abenduaren 16an, Txerloian. Joan den asteazkenean Real Titanico taldearen aurka huts eta bi irabazi ondoren, Xabier Artetxeren taldeak orain lehian sartuko diren Espainiako Lehen Mailako hamasei taldeetako bat izango du aurkari.

Champions League jokatzen ari diren Atletico Madril eta Sevilla dira gorrixen bi aurkari posibleak, baita Europa League jokatzen ari diren Villarreal eta Granada ere; Valentzia eta Betis ere zozketan izango dira. Jokalariek eta entrenatzaileek aste honetan eskaini dituzten hainbat elkarrizketatan argi gelditu dira zein diren beren nahiak: Atletico Madril, Sevilla edo Betis, horietako talderen bat nahi dute azkoitiarrek Txerloian. Reala, Athletic, Bartzelona eta Real Madril dira zozketan egokitu ezin diren lau taldeak, horiek Espainiako Superkopa jokatuko dutelako beranduago sartuko baitira lehian.

Zozketa gaur egingo dute Sevillako (Andaluzia, Espainia) La Cartuja futbol zelaian, 13:00etan hasita. Hain zuzen ere, La Cartuja futbol zelaian jokatuko dute 2019-2020 denboraldiko Errege Kopako finala Realak eta Athleticek, eta denboraldi honetako finala ere han izango da. Anaitasunako jokalariek eta teknikoek Txerloian jarraituko dute zuzenean zozketa, izan ere, Espainiako Futbol Federazioak zuzenean eskainiko du streaming bidez zozketa, besteak beste, bere Youtube kanalaren bitartez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide