Hego Euskal Herrian %21eko Balio Erantsiaren Zerga (BEZ) izan dute erabilera bakarreko maskarek orain arte, baina hori murriztu eta %4ko zerga supermurriztua ezartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Hain zuzen ere, datorren astearteko Ministroen Kontseiluan onartuko dute hori arautzen duen dekretua.
BEZ supermurriztua ordaintzen dute gizakientzako botikek eta beste zenbait produktuk: oinarrizko elikagaiek (ogia, arrautzak, barazkiak, patatak, gaztak...), egunkariek eta liburuek, babes ofizialeko etxebizitzek eta zaintza zerbitzu batzuek.
Espainiako Gobernuak azaldu du erabaki hori ez duela aurretik hartu Europako Batasuneko zuzentarau batek debekatzen zuelako maskaren BEZa txikitzea. Zuzentarau hori indarrean dago, baina Europako Batzordea ez da betetzen ari, eta beste estatukide batzuek ere jaitsi dute maskaren BEZa. Maria Jesus Monterok Espainiako Ogasun ministroak esan duenez, Europako Batzordeari galdetu diote isuna jarriko ote dien zerga txikitzeagatik, eta ezezkoa erantzun die.
Monterok ohartarazi du "erne" ibiliko direla, jaitsiera horren helburua delako azken kontsumitzaileari kobratzen zaion prezioa murriztea, eta ez enpresen irabaziak handitzea. Esan du bihar ezarriko dutela maskaren gehienezko prezio berria.