Iraurgi Berritzenek ekonomia zirkularraren aukerei buruzko saioa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean datorren asteazkenerako, hilak 11. Saioan honakoa landuko dute: ekonomia zirkularraren inguruko oinarrizko kontzeptuak zeintzuk diren, nola eragiten duten eta zer abantaila lehiakorretan eragiten dieten; halaber, parte hartzaileek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estrategiak eta laguntzak ezagutzeko aukera ere izango dute saioan.
09:00etatik 11:00etara bitartean izango da jardunaldia, online, eta enpresek, erakundeek nahiz ekonomia zirkularrean interesa duen orok parte hartu ahal izango du bertan. Interesatuek Iraurgi Berritzenen telefonora (943-02 60 69) deitu edota info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi beharko dute. Honako lotura honetan ikus daiteke jardunaldiaren egitaraua, osorik.
Saioan hainbat erakundetako hizlariak izango dira, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiko, Ihobeko, Lapatxeko, Mondragon Unibertsitateko eta B+I Strategyko hizlariak. Ekonomia zirkularrari buruzko ekimen hau, eskualdeko enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko da, baita eskualdeko balio-kate nagusietan (makineria eta ekipoak, eraldaketa metalmekanikoa, altzariak, eraikuntza eta elikadura) ekonomia zirkularreko berrikuntza aukerak identifikatzeko, aztertzeko nahiz garatzeko ere. Bestalde, eskualdearen lehiakortasun-posizionamendua bultzatu nahi da eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren helburuekin lerrokatu.