Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketarik ez dutela egingo jakinarazi dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. Azaroaren 14an Abadiñon (Bizkaia) ziren egitekoak, eta Naia Arrizabalaga azkoitiarra parte hartzekoa zen, baina azkenean, egoerak bultzatuta, ez egiteko erabakia hartu dute.
Gipuzkoko Eskolarteko Txapelketan lan bikaina egin zuen Arrizabalagak. Urriaren 16an Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zuten finala, eta azkoitiarra azpitxapeldun gelditu zen, Aner Peritz zarauztarraren atzetik. Hori horrela, biek eskuratu zuten Gipuzkoa ordezkatuz Euskal Herriko Eskolartekoan aritzeko txartela. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak adierazi dutenaren arabera, ordea, "pandemia egoerak ez du ekitaldia gauzatzeko aukerarik eman", eta ondorioz, aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabaki dute.
Pandemiak baldintzatuta
Azken saioa da egingo ez dutena, gainerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egin ahal izan baitituzte, "ez ohiko moduan, baina bai neurriak hartuta".
Gipuzkoako Eskolartekoari bi saio falta zitzaizkiola bat-batean eten egin behar izan zuten. Urriaren 2an berrartu zuten Gipuzkoako saio horietako bat, eta finala urriaren 16an egin zuten Azkoitian: Aner Peritzek irabazi zuen, eta Naia Arrizabalagak ere lortu zuen Euskal Herriko finala izango zenerako sailkapena.
Urrian egin ziren, hain justu, lurralde gehienetan eskolarteko saioak. Urriaren hasieran egin zuten, Murgian, Arabakoa: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziren txapeldun eta txapeldunorde. Bizkaiko Eskolarteko finala urriaren 17an egin zuten Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu zuten finalerako txartela. Nafarroan, berriz, pasa den ostiralean egin zuten Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituzten lehen bi postuak.