Indarkeria sexista kasuei erantzuteko udal protokoloaren dokumentua aztertuko dute biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 27a, 13:51

Bilkura mistoa egingo dute bihar udaleko bilkura areto nagusian, izan ere, ezin da sei lagunetik gorako bilkurarik egin. Hori horrela zinegotzi batzuk telematikoki parte hartuko dute udalbatzarrean.

Bihar, urriak 28, Azkoitiko Udalak urriko ohiko udalbatzarra egingo du, 19:00etan hasita. Osoko bilkurak izaera mistoa izango du, eta ondorioz, udaleko zinegotzi batzuk bilkura areto nagusian izango dira, baina beste batzuk telematikoki konektatuko dira bilkurara. Izan ere, bilkuretan ezin dute sei pertsona baino gehiagok parte hartu. Hori ikusita, Javier Zubizarreta alkateak alderdietako bozeramaileei eskatu die soilik bilkura bertatik bertara jarraitzea; gainerakoei telematikoki konektatzeko gomendioa egin die. 

Urriko osoko bilkuran zazpi puntu izango dituzte aztergai. Horien artean aztertuko dute, besteak beste, indarkeria sexista kasuen aurrean udalak erantzun publiko instituzionala emateko protokoloaren 2020. urteko dokumentua. Horrez gain, udalbatzar telematikoen eta mistoen funtzionamendu arauak ere nola landu eztabaidatuko dute. Bestalde, Azkoitiko Udalaren 6 zenbakidun espedientea onetsi beharko dute bozketa bidez, baita 2020-2022 urteen artean Azkoitiko Udalak zuen diru-laguntzen plan estrategikoa ere.

Hona hemen eguneko zerrenda:

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Gaiaren premiatasuna berretsiz gero, Udalbatzar telematiko eta mistoen funtzionamendu arauen onespena.
  3. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 6 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  4. 2020- 2022 Azkoitiko Udaleko diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketaren onespena.
  5. Azkoitiko udalerrian indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa 2020 dokumentuaren onespena.
  6. Aurrekontuari buruzko informazioa. 
  7. Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide