COVID-19 kasu kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2020ko urr. 18a, 15:50

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzoko datuak hereneguneko datuekin alderatuta COVID-19 kasu kopuruek behera egin dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan; herrietako daturik ez du argitaratu gaur. PCR proba gehiago egin zituzten atzo, baina kasu positibo gutxiago atzeman dituzte. Guztira, Hego Euskal Herri osoan 1.154 kasu positibo hauteman zituzten atzo, larunbata.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 15.458 PCR eta antigeno proba egin dituzte azken orduetan, eta horien bidez 1.154 kasu positibo atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Hau da, ostiralean baino 1.233 proba gehiago egin zituzten atzo eta 234 kasu gutxiago baieztatu zituzten. Era horretan, atzoko positibo tasa %7,5ekoa izan zen, herenegun baino 2,2 gutxiago.

Herriz herriko datuak ez ditu eman gaur Osakidetzak. Lurraldekako datuak kontuan hartuta, Gipuzkoan, 336 positibo baieztatu zituzten atzo, herenegun baino 94 gutxiago; Bizkaian, 305 kasu poitibo hauteman zituzten, hamasei gutxiago; eta Araban 99  kasu, herenegun baino hamabost gehiago). Hiru lurralde horietatik kanpo atzemandako beste hiru kasuren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak. Ondorioz, hiru lurralde horietako positibo tasa %6,1ekoa izan zen atzo, ostiralean baino 1,6 puntu txikiagoa. Ospitaleetako datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Azken 24 orduetan, 36 lagun ospitaleratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen kopuruak ere gora egin du: 56 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan 411 kasu atzeman ditu azken orduetan Osasunbideak; aurreko bi egunetan 500 kasutik gora atzeman dituzte lurralde horretan. Nahiz eta atzemandako kasuen kopurua txikiagoa izan, lurralde hartan positibo tasak %10etik gora jarraitzen du: %12,3 atzo eginiko probetan, herenegun %16,3koa zen tasa.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide