Udazkenean, baina loretu dira azkenean aurtengo Maiatzeko Lorak. Joan den maiatzean eman behar zuen eta koronabirusa tarteko eman ez zuen hitzaldia atzo eman zuen Azkoitian Amets Arzallusek. Miñan, Ibrahima Balde ginearraren bizitza jasotzen duen liburua izan zen solasaldiaren haria. Sarreran, berriz, Balde ezagutu zuen Irungo Harrera Sarea eta Euskal Herrira iristen diren migratzaileen errealitatea izan zituen hizpide bertsolari, kazetari eta idazleak.
Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak udalaren laguntzarekin antolatutako solasaldiak edukiera mugatutako Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete zuen. Koronabirusaren kontrako neurriak zorrotz beteta, 50 lagunentzako eserlekuak prestatu zituzten antolatzaileek eta aise bete ziren guztiak hitzaldia hasterako; ordurako puntuan joandako batzuk tokirik gabe gelditu ziren. Ixabel Jauregik gidatu zuen solasaldia.
Bertso saioa, hurrengo hitzordua
Floreagarekin elkarlanean antolatutako bertso saioa izango da Maxixatzenen eskutik hil honetan etorriko den hurrengo kultur hitzordua.
Urriaren 23an, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan Baztartxo antzokian, Juan Inazio Sudupe gai-jartzaile dutela, 22:00etatik aurrera. Saiorako sarrerak sei euroren truke salduko dituzte emanaldi egunean bertan Baztartxoko leihatilan bertan; Maxixatzenen bazkideek, ordea, doan eskuratu ahalko dituzte saiorako sarrerak egunean bertan, Baztartxon. Antzokiko leihatila 21:00etan zabalduko dute urriaren 23an.