Eskolak aurrez aurre eta 'online' ematea aurreikusten du Hizkuntza Eskola Ofizialak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 9a, 14:15

Datorren astean hasiko dute ikasturte berria. Egungo osasun egoeraren arabera eta gelen edukiera aztertuta, hiru eszenatoki planteatu dituzte eskolak emateko. 

Hizkuntza Eskola Ofizialak datorren astean ekingo dio ikasturte berriari eta egungo osasun egoera eta gelen ahalmena ikusita, eskola presentzialak eta online bidezkoak konbinatzea aurreikusi du eskolak.

Klaseak emateko hiru modalitate planteatu ditu Hizkuntza Eskola Ofizialak. Alde batetik, eta taldeak ez badu gainditzen gelaren gehieneko edukiera, eskola guztiak modu presentzialean emango dute. Gelaren edukiera gaindituz gero, ordea, aurrez aurreko eskolak eta online jarduera konbinatuko dituzte. Azken kasu horretan, asteko bi saioetatik bat aurrez aurre izango lukete ikasleek, eta bestea, telematikoki jasoko lukete. Azkenik, hirugarren eszenatokia ere planteatu du eskolak. Talderen bat edo gehiago konfinatu behar izanez gero, ikasleek tresna digitalen bidez jasoko dute urruneko hezkuntza.

Hizkuntza Eskolak lehen egunean eskolara joateko dagokien informazioa eskuratzeko eskatu die ikasleei. "Seguruenik talde askok modu presentzialean eta digitalean jasoko dituzte eskolak eta horretarako azpitaldeak egingo dira", azaldu du udalak. Azpitalde horiek zeinek osatuko dituzten lehen egunean jakinaraziko ditu eskolak. Eskolak "protokolo zorrotzarekin" hasiko dituzte, eta osasun egoeraren arabera neurriak aldatzea posible dela adierazi du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide