Organo Erromantikoaren XXI. Zikloa hasi da erdibidera iristen; izan ere, aurtengo saioetako bigarrena bihar, zapatua, izango da. Bi protagonista izango dira Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, 20:00etatik aurrera: alde batetik, Oscar Candendo organo-jotzaile antzuolarra, eta bestetik, Ana Otxoa soprano bilbotarra.
Azpeitian eta Bergaran ere emanaldi bana izango dira asteburuan. Bihar, zapatua, Mikel Ansola organistak eta Akelarre abesbatzak eskainiko dute saioa (20:00), Bergarako San Pedro parrokian. Aldiz, igandean, Ignacio Arakistain organistak eskainiko du kontzertua, Jon Aramendi tronpeta-jotzailearekin eta Mariatxen Urkia sopranoarekin batera (20:00), Loiolako Santutegian.