Osakidetzak adierazi duenez, gora egin du COVID-19 positiboen kopuruak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban: 442 kasu positibo detektatu zituzten atzo, eta 418 herenegun. Egindako PCR proben kopuruan ere bada alderik, ordea: 8.579 proba gauzatu zituen hiru lurralde horietan Osakidetzak atzo, eta 7.946 herenegun. Bizkaian 213 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 27 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 145 kasu berri daude, herenegun baino hiru gehiago, eta Araban 82, herenegun baino hamabi gehiago.
Ospitaleen egoerari dagokionez berriz, 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 56 dira ZIUn dauden gaixoak.
Nafarroan, ordea, jaitsi egin dira positiboak: 245 kasu positibo atzeman zituen Osasun Sailak atzo, herenegun baino 90 gutxiago. Guztira, 2.953 PCR egin zituzten atzo, eta 3.035 herenegun. Hiru pertsona hil ziren koronabirusak jota, eta 31 lagun ospitaleratu zituzten –horietako bat bera ere ez Intentsiboetako Unitatean–.
Datu horien berri eman dute Nafarroako Osasun Institutuak eta Osakidetzak. Astelehenean emango dituzte herriz herriko datuak eta RO indizea.