Joan zen otsailaren 28an ekin zioten Gipuzkoako hainbat txokotako bertsolari gazteek 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketari Oñatin. Aurreneko bi kanporaketak jokatuta, osasun krisiaren eraginez egin gabe geratu zen hirugarren kanporaketa atzo, ostirala, jokatu zuten Amasa-Villabonako Subijana etxean.
Guztira, hamasei bertsolarik parte hartu dute aurtengo eskolartekoa txapelketan, eta horien artean da Naia Arrizabalaga azkoitiarra. Arrizabalagak Oñatiko kanporaketan parte hartu zuen, eta finalerako sailkatzea lortu du han lortutako puntuazioari esker. Izan ere, hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatu baitira finalera. Horrenbestez, bertsolari hauek ariko dira finalean kantuan: Maider Garmendia, Ane Zubia, Aner Peritz, Naia Arrizabalaga, Hodei Munduate eta Uxue Ostolaza.
Hilaren 16an, Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala, 19:00etan hasita. Sarrerak agortuta daude dagoeneko.