Herenegun azken egunetako kopuru handiena batu ondoren, Azkoitian nabarmen egin du behera positiboen zenbatekoak, Osakidetzaren datuen azken eguneraketaren arabera. Izan ere, herenegun baino hamar kasu gutxiago, bi, atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren –36 kasu– tasak altua izaten segitzen du gaur-gaurkoz Azkoitian: 300,28.
Azkoitiko biak barne direla, Urola Kostan beste hemezortzi lagunek eman zuten positibo atzo, osteguna, gauzatutako PCR probetan. Kasu gehienak, nabarmen, Azpeitian atzeman dituzte: hamahiru. Dena den, 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatua ez da askorik igo herri horretan: 185,98 da. Azken zazpi egunetan, guztira, 28 kasu atzeman dituzte Azpeitian. Zarautzen, Azkoitian bezala, bi positiboren berri izan zuten atzo –24 azken zazpi egunetan–, eta bat zenbatu zuten Zestoan –hamar azken zazpi egunetan–.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 418 kasu positibo detektatu zituzten atzo, eta 385 herenegun. Egindako PCR proben kopuruan ere bada alderik, ordea: 7.946 proba gauzatu zituen Osakidetzak atzo, eta 10.969 herenegun. Atzo egindako probetan herritarren %5,2k eman zuen positibo. Herenegun, berriz, proba egin zuten herritarren %3,5ek.
Bizkaian 186 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Gipuzkoan 142 eta Araban 70. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hogei lagunek ere eman zuten positibo PCR probetan. Atzo, 36 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko, 244 lagun daude erietxeetan; astearen hasieran baino 29 pertsona gutxiago. Bestalde, ZIUn dauden lagunen kopurua mantendu egin da: 56 dira, guztira. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea ere mantendu egin da: 0,96 da.
Nafarroan, berriz, 335 kasu positibo atzeman zituen Osasun Sailak atzo, eta lau pertsona hil ziren koronabirusak jota. Gainera, hamahiru lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, horietako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean.