Ikasturtea hastearekin batera, berriz abian jarri dute Azkoitiko Hezkidetza Foroa. Foro horretan herriko bost ikastetxeek hartzen dute parte, alegia, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak, eta eskolekin batera, baita kale hezitzaileek eta udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak ere. Foroaren helburua da hezkidetza programaren jarraipena egitea elkarrekin koordinatuz eta iritziak eta informazioa partekatuz.
Hezkidetza programaren baitan neska-mutilen arteko berdintasuna lantzen dute, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ezagutuz, era guztietako bazterkeria eta indarkeria desagerrarazteko xedearekin.
Taldea hilean behin elkartzen da eta aste honetan egin dute ikasturteko lehendabiziko bilera.