Udalak 127.719 euro bideratuko ditu herriko hainbat baserri bide konpontzeko; horietako lan batzuk, gainera, hasita daude. "Urtero bideratu izan da partida bat landa eremuetako bide sarea egokitzeko eta mantentzeko, horixe baita gure baserritarren eskari nagusia. Nekazaritza jarduera aurrera eramateko eta landa garapena indartzeko beharrezkoak dira bide azpiegiturak eta horretxegatik egin du udalak egin duen inbertsioa", azaldu du Azkoitiko Udalak.
Azken bost urte hauetan baserri bideak konpontzen 1.273.483 euro inbertitu dituela azaldu du udalak. Hala nola Martirieta, Kukuherri, Madariaga, Izarraitz edota Urrategi auzoetako baserri bideak konpondu dituzte. Orain, Olaso auzoko Txulonekoa Etxera eta Argarainazpikoa eta Lorbide baserrietara eramaten duen bidea ari dira konpontzen. Irail erdialdean hasi ziren obrak, eta aurreikuspenen arabera urri erdi alderako amaituta egongo dira. Laster, berriz, Martirieta auzoko Otsolarre baserrira eramaten duen bideko asfaltatze lanak hasiko dituzte.