Alokairu soziala sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du Azkoitiko Udalak. Laguntzak emango ditu udalak, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko edota etxebizitza eraberritzeko. Etxea eraberritzen bada, obrak egiteko ordaindutako tasaren eta zergaren zati baten pareko dirulaguntza emango du udalak bonotan.
Etxea eraberritzearen kasuan, laguntza jasotzeko udalak adierazi du "ezinbestekoa" dela etxebizitza Bizigune programan sartzea eta programak agintzen dituen baldintzak betetzea. Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko, kostuaren %75a jaso ahal izango dute onuradunek, hau da, gehienez 200 euro.
Etxebizitza birgaitzeko udalak emango duen laguntza obraren kostuaren %50ekoa izango da, eta zonaldearen arabera bereiziko du. Alde Zaharrean baldin badago eraberritu behar den etxea, gehieneko muga 8.000 eurokoa izango da, eta Alde Zaharretik kanpoko zonalde batean badago etxea, 4.000 euroko laguntza.
Etxebizitza eraberritzeko udalak bonoen bidez emango duen laguntza, berriz, obra baimenagatik ordaindutako zergaren eta tasaren %50aren parekoa izango da, gehienez ere 450 eurokoa.
Laguntza eskaerak abenduaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan edota udalaren webgunearen bitartez, tramiteak sailean sartuta.