Euskararen erabilera sustatzeko udal dirulaguntzak eskatzeko epea ireki dute

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 18a, 12:01

Herriko enpresetan euskara planak garatzeko, euskara ikasteagatik eta UEUren eta EHUren udako ikastaroetara joateagatik, edota errotulazioa, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz egiteagatik eska daitezke laguntza horiek.

Azkoitiko Udalaren Euskara Sailak euskararen erabilera eta presentzia indartzeko ematen dituen dirulaguntzak eskatzeko aurtengo deialdia irekita dago.

Bereziki euskararen erabilera lan munduan sustatzeko ematen ditu udalak dirulaguntza horiek, hiru ataletan banatuta. Horrela, herriko enpresetan euskara planak garatzeko, euskara ikasteagatik eta UEUren eta EHUren udako ikastaroetara joateagatik, edota errotulazioa, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz egiteagatik eska daitezke laguntzak.

Baldintzak eta zenbatekoak

Aipatutako arlo bakoitzerako baldintza jakin batzuk zehaztu ditu udalak. Horrela, enpresetan euskara planak garatzeko urteko 2.000 eurokoa da enpresa bakoitzak jaso dezakeen udal dirulaguntza.

Negozioen kanpoko errotulazioa euskaraz jartzen dutenentzako kostuaren %50 ordainduko du udalak, eskaera eginez gero, 360 euroko mugarekin. Irudi korporatiboa edo webgunea euskaraz egiteagatik, berriz, kostuaren %60 itzuliko du udalak, 360 eta 600 euroko mugarekin, hurrenez hurren. Publizitatea euskaraz egiteagatik ere %60a bueltatuko du; 600 euro, gehienez.

Euskara ikasten ari direnentzako laguntzei dagokienez, euskaltegian ikastaroren bat egin dutenek eska dezakete dirulaguntza; udalak ikastaroaren matrikularen %75 ordainduko die; 500 euro, gehienez. Ikastaro trinkoen, autoikaskuntzaren eta Internet bidezko ikastaroen kasuan, matrikularen %70ekoa izango da laguntza, 600 euroko mugarekin. Euskara ikasteko barnetegietan egonaldiak egin dituztenek ere eska dezakete dirulaguntza; matrikula, jatordu eta egoitza gastuen %70 itzuliko die udalak; 1.300 euro, gehienez.

UEUren edo EHUren udako ikastaroetara joateagatik dirulaguntza eskatzen dutenen kasuan, matrikularen %75a ordainduko die udalak ikasle, langabetu, erretiratu nahiz pentsiodunei; eta %25a, berriz, lanean ari direnei.

Eskaerak egiteko epeak

Eskaera guztiak udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan edo udalaren webgunean egin behar dira, baina atal bakoitzeko eskaerak aurkezteko epe bana zehaztu dute: 2019-2020 ikasturtean euskara ikasteko eta udako ikastaroetara joategatik laguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean itxiko da; Azkoitiko enpresek euskara planak egiteko edota garatzeko dirulaguntzak eskatzeko azken eguna urriaren 15a izango da; eta errotuluak, irudi korporatiboa, webguneak edo publizitatea euskaraz egiteagataik dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 30ean bukatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide