Osasun krisiaren ondorioz aurtengo udan Euskal Herrira etorri ezin izan duten haur sahararrei bidatzeko material bilketa egiten ari dira gaur, Kontzejupean. 10:30etan hasi eta 13:30etara arte ariko dira horretarako prestatu duten gunean, eta honako produktu hauek bilduko dituzte bertan: neguko arropa –10 eta 16 urte bitarteko haurrentzat txamarrak, sudaderak, zapatilak, kamisetak, txandalak…–, prebentziorako osasun materiala –maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak–, paracetamol eta eskola materiala –koadernoak, arkatzak, margoak–. Horrez gain, Oporrak Bakean programaren informazioa ere emango dute mahaian.
Azkoitian ez ezik, beste hainbat herritan ere bilduko dute Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko materiala. Hain justu, Euskal Herritik 300 maleta bidali nahi dituzte, 28 kiloko maleta bana etorri ezinik gelditu den haur saharar bakoitzari.