Urteak dira haur sahararrak Euskal Herrira uda igarotzera etortzen direla, beren bizilekuan egin ohi ez dituzten mediku azterketak egitera eta beroari ihesi, besteak beste. Oporrak Bakean programak lan ugari egin du hori posible izan dadin, baina aurten, gauza gehienak bezala, proiektu hori ere hankaz gora jarri du COVID-19 gaitzak. Hori horrela, 300 haur saharar inguru Euskal Herrira etorri gabe gelditu dira.
Osasun krisiak eragindako kalteak atzera bueltarik ez duen arren, tokian tokiko elkarteek ez dute ezer egin gabe gelditu nahi izan, eta haur sahararrei bidaltzeko maletak prestatzeari ekin diote. Hain justu, Euskal Herritik 300 maleta bidali nahi dituzte Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara, han beharrezko duten materialarekin. Azkoitian ere egingo dute bilketa: larunbatean –irailak 5– Kontzejupean izango dira, 10:30etik 13:30era.
Honako produktu hauek bilduko dituzte bertan: neguko arropa –10 eta 16 urte bitarteko haurrentzat txamarrak, sudaderak, zapatilak, kamisetak, txandalak…–, prebentziorako osasun materiala –maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak–, paracetamol eta eskola materiala –koadernoak, arkatzak, margoak–. Horrez gain, Oporrak Bakean programaren informazio mahaia ere jarriko dute zapatuan Kontzejupean.
Bilketa egin ostean, 28 kiloko maleta bana bidaliko diote Euskal Herrira etorri ezinik gelditu den haur saharar bakoitzari.