Asteburuan hiru lagunek eman dute positibo PCR probetan

Ihintza Elustondo 2020ko abu. 31a, 13:44

Eskualdean orotara 27 kasu positibo atzeman dituzte: Zarautzen hamabi kasu, Azpeitian bost, Zumaian lau, eta Errezilen, Orion eta Zestoan bana. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 409 positibo atzeman zituzten atzo, eta beste 127 Nafarroan. 

Asteburuetan ez ditu Osakidetzak koronabirusaren herriz herriko datuak ematen, baina ohi bezala, gaur –astelehena– jakinarazi ditu asteburuan PCR probetan atzemandako kasu positiboak. Azkoitian hiru kasu positibo zenbatu dituzte asteburuan, guztiak atzo, igandea.

Eskualdean guztira 27 positibo berri zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien: hamabi (horietako bat atzo, zapatuan sei, eta ostiralean bost). Azpeitian, berriz, bost positibo zenbatu dituzte; atzo hiru eta herenegun bi. Zumaian, lau kasu zenbatu dituzte –bat atzo eta herenegun hiru–. Bestalde, Errezilen, Orion eta Zestoan kasu bana zenbatu dute asteburuan. Getarian, Aizarnazabalen eta Beizaman, berriz, ez dute positiborik atzeman.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 409 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu horietatik gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 225 guztira; 132 zenbatu dituzte Gipuzkoan, eta beste 41 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 11 izan dira PCR proban positibo eman dutenak.

Positibo eta ospitaleratze gutxiago

Azken egunetako datuekin alderatuta, COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, herenegun baino 264 kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, eta ostiraleko kasuen erdiak. Dena dela, aipatzekoa da atzo, igandea, azken egunetan baino PCR proba gutxiago egin zituztela: atzo, guztira, 5.928 PCR proba egin zituen Osakidetzak, herenegun baino 1.322 gutxiago eta ostiralean baino 4.055 gutxiago.

Atzo, 22 lagun ospitaleratu zituzten koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datu horri dagokionez ere beherakada izan da; izan ere, azken astean 30 ospitaleratzeren langa gainditu da egunero. Gaur-gaurkoz, 295 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan gaitzaren eraginez; horietatik 35 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.

Nafarroan, 127 koronabirus  kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo; egun horretan, 1.399 PCR proba egin zituzten guztira, eta %9,1ek eman zuten positibo. Lurralde horretan zortzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19 gaitzaz kutsatuta; horietako inor ez dago ZIUn. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide