Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi du Laboral Kutxa Udako Torneoaren finala

Anartz Izagirre

Laboral Kutxa Udako Torneoaren atzoko irudi bat. (Emakume Master Cup)

Atzo, osteguna, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zuten txapelketaren finala, eta hiru partidetatik bi irabazi zituen pilotari azkoitiarraren taldeak.

Garaipen gozoa lortu zuen atzo, osteguna, Reyes Azkoitiaren taldeak Laboral Kutxa Udako Torneoan. Bilboko Bizkaia pilotalekuan 400 pertsonatik gora bildu ziren txapelketaren finala ikusteko, eta pilotari azkoitiarraren taldea jaun eta jabe izan zen, hiru partidetatik bi irabazi baitzituzten haren neskek. Olatz Arrizabalaga izan zen atzoko finaleko protagonista, Amaia Aldairen eta Iera Agirreren aurkako banakako partidak irabazi baitzituen, 5-12 eta 1-12, hurrenez hurren. Binakako partidan, aldiz, Mikel Inuntziagaren taldekoak izan ziren nagusi; Agirre-Bergarak osatutako bikoteak 12-3 irabazi zien Etxebeste eta Mendizabali.

Laboral Kutxa Udako Torneoaren aurtengo edizioa ezberdina izan da, Euskal Telebistak Plazandreak saioa egin baitu txapelketaren inguruan, eta atzo, osteguna, zuzenean eman zuten finala ETB1en.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide