Azkoitiko Udalak bizikletak garbitzeko gune bat jarriko du Xabier Munibe kaleko autobus geltokiaren atzealdean. Udalak adierazi duenez, bi arrazoirengatik aukeratu du leku hori bizikletak garbitzeko gunea ezartzeko: bidegorritik gertu dagoelako eta leku ez-nabarmenean dagoelako. Udalak, guztira, 30.000 euro bideratuko ditu bizikletak garbitzeko gunea eraikitzeko.
Erabakia hartu aurretik, erakundea hainbat herritarrekin bildu zen proiektuaren nondik norakoen berri emateko nahiz aukera ezberdinak aztertzeko. Udalak, hasieran, Garbigunean ezartzea pentsatu zuen bizikletak garbitzeko lekua, baina alde batera utzi zuen aukera hori, bidegorritik urrun zegoelako. Horrez gain, San Juango gunean eraikitzeko aukera ere baztertu egin zuten, herrigunetik hara dagoen distantziagatik.