Donostiako Musika Hamabostaldiko organo zikloko kontzertuetako bat izan da gaur, 20:00etan hasita, Loiolako basilikan. Itziar Urbieta Azkoitian bizi den organo-jotzaile azpeitiarrak eta Loli Oteiza organo-jotzaileak eskaini dute emanaldia. Urbieta Loiolako basilikako organo jotzaile titularra da.
Hainbat konposatzaileren lanak jo dituzte ordubete inguruko saioan. Urbietak organoan interpretatu dituen piezak honakoak izan dira: Johann Pachelbel-en (1653-1706) Toccata en Mi menor, Johann Sebastian Bach-en (1685-1750) Schmucke dich, o liebe seele BWV 654, Jeanne Demessieux-en (1921-1968) O filii et filiae, Arvo Part-en (1935) Spiegel im Spiegel eta Jean Langlais-en (1907-1991) Incantation pour un jour saint. Oteizak interpretatu dituenak, berriz, izan dira: Felix Mendelssohn-Bartholdy-ren (1809-1847) Sonata Nº 1 en Fa menor, OP. 65 (Allegro moderato e serioso, Adagio, Andante eta Allegro assai vivace), Josef Rheinberger-en (1839-1901) Cantinele en F-Dur eta Tomas Garbizuren (1901-1989) Sequencia sobre victimae paschali.
Koronabirusa tarteko, segurtasun eta babes neurriak hartuta egin dute Loiolako basilikako kontzertua. Alegia, kontzertuaren esku-programarik ez dute banatu basilikan bildutakoen artean. Horrez gain, aforoa mugatuta egin da emanaldia, eta basilikara sartu aurretik denek eskuak garbitu behar izan dituzte. Barruan, berriz, maskara jantzita eta segurtasun distantziak mantenduta egon behar izan dute entzuleek.
Azkoitian, Donostiako Musika Hamabostaldia
Datorren asteazkenean, abuztuaren 5ean, Azkoitian izango da Donostiako Musika Hamabostaldiko saio bat. Juan de la Rubia Castelloko (Herrialde Katalanak) organo jotzaileak kontzertua eskainiko du, 20:00etan hasita, Azkoitiko parrokian. Bartzelonako Familia Sakratuaren basilikako organo jotzaile titularra da de la Rubia.
Kontzertua doan da, baina aurrez kontzerturako gonbidapena jaso behar da. Hori lortzeko udaletxeko Kultura saileko 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu beharko da, 09:00etatik 14:00etara artean. Gonbidapena Kultura sailaren bulegoan edo egunean bertan edota parrokiarako sarreran jaso ahalko da, 19:30etik 20:00etara bitartean.