Martxan da Maxixatzenen udako argazki lehiaketa

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 27a, 16:54

Uda sasoiarekin dator Maxixatzenen lehen argazki lehiaketa. Hedabideak hainbat sari banatuko ditu parte-hartzaileen artean, hala nola epaimahaiaren saria, Maxixatzen.eus-eko erabiltzaileen saria eta botoa ematen duten herritarren artean banatuko den saria. Herritarrek irailaren 15era bitartean bidali ahal izango dituzte irudiak e-posta edo Whatsapp bidez.

Urolako Komunikazio Taldeak, eta tartean Maxixatzenek, udako argazki lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz. Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek sari bikainak lortu ahal izango dituzte; izan ere, epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria izango dira eskuragarri.

Maxixatzenek izendatutako epaimahaiak irailaren 15aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahai horrek erabakiko du zein den aurtengo lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea, webgune honetan garatuta dagoen lehiaketa sistemaren bidez. Gainera, botoa ematen duten herritar guztien artean ere opari bat zozkatuko du Maxixatzenek.

Sari bikainak eskuratu ahal izango dira aurtengoan. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak, esaterako, Otarre jatetxean otordua irabaziko du. Maxixatzen.eus-eko erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, argazki inprimaketa irabaziko du Hizki papertegiaren bitartez. Eta botoa ematen duten herritar guztien artean Maxixatzen aldizkariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren harpidetza lortuko du.

Ezaugarriak

Uda sasoian ateratako argazkiak bilduko ditu Maxixatzenek webgune honetan, eta lehiaketaren fasea irailaren erditik aurrera jarriko du martxan. Horrenbestez, herritarrek irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, azkoitia@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

Irudiak Whatsappez bidaltzen dituztenek 'MAX' eta argazkiaren izenburua zehaztu beharko dituzte. Whatsapp edo e-posta mezuetan, berriz, argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia.

Argazkia guztiak Urolako Komunikazio Taldearen artxiboan gordeko dira, eta hedabide taldeak bere egiteko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Bidalitako lanen jabe den lehiaketako parte-hartzaileak lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio Urolako Komunikazio Taldeari, egilearen izena adierazita.

Lege oharra

Datu Pertsonalak Babesteko Araudia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Urolako Komunikazio Taldea, Koop. E. enpresaren tratamendu-sistemetan jasoko direla, lehiaketa hau kudeatzeko eta eskualdeko hedabide desberdinen eskaintzen berri emateko. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten argazkiak webgune eta kanal desberdinetan hedatuak izango dira. Sariduna gertatuz gero, zure identifikazio-datuak argitaratuak izango dira, baita saria modu egokian kudeatzeko beharrezkoak izan daitezken kolaboratzaile zuzenei komunikatuak ere. Zure datuak babesteko eskubideak noiznahi erabil ditzakezu. Horretarako, idatzi bat bidali beharko duzu Soreasu z/g - 20730 Azpeitia helbidera edo admnistrazioa@ukt.eus helbide elektronikora. Zure datu pertsonalen babesari buruzko informazio zehatzagoa urolakosta.hitza.eus/hitzakide/pribatutasun-politika/ web orrian aurki dezakezu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide