Atzo eta gaur auzolanean aritu da hainbat lagun Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi herri harresituan. Burdin Aroko aztarnategia da Munoaundikoa, eta han dauden bi indusketa eremuak babesteko jarritako plastikoa kentzeko lanak egin dituzte egunotan Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta. Gainera, eremua ezagutzeko aukera izan dute herritarrek.
Behin prestaketa lanak eginda, bihar hasiko da Aranzadi bertan lanean. Dena den, aurtengoan ez dute ohiko ekinaldia egingo; izan ere, koronabirusaren osasun krisia dela eta, ezinezkoa zaie protokoloak betetzea. Indusketak normaltasunez egin ezin dituztenez, egingarriak diren "gutxieneko" lanak gauzatuko dituzte.