Iñaki Jimenezek jarraituko du Iraurgi Saskibaloi Taldeko gizonen lehen taldea gidatzen. Gaur, asteazkena, jakinarazi du berria Azpeitiko eta Azkoitiko klubak, sare sozialen bidez: "Ondo eginiko lanak jarraipena izan dezan, Iñaki Jimenez da gure entrenatzailea. Lana, jakituria eta ilusioa".
Jimenezek 2019-2020 denboraldian hasi zuen taldearen gidaritza, Lolo Encinasen lekukoa hartuta. Zilarrezko LEB Ligako lehen fasean lan oso ona egin zuen ISBk; izan ere, sailkapeneko hirugarren postua eskuratuta igaro zen bigarren fasera. Irailean Euskal Kopa irabazi zuen ISBk, eta abenduan Zilarrezko LEB Mailako Kopa.
Bigarren fasea hasi zuten urte berriarekin, baina hamahirugarren jardunaldian bertan behera utzi zuten denboraldia, koronabirusa zela eta. ISB bigrren faseko sailkapeneko azken aurreko postuan zen, eta bi multzoetako bi talde onenek eskuratu zuten Urrezko LEB Ligara igotzeko txartela. Dena den, lau talde horietatik hiruk egin dute mailaz igotzeko eskaera.
Datorren denboraldian ere Zilarrezko LEB Ligan ariko da. Bi taldetan banatuko dute aurten ere liga; ekialdea eta mendebaldea. Mendebaldeko taldean ariko da ISB. Dagoeneko hasi da kluba gizonen lehen taldea osatzen; izan ere, urtero moduan, jokalari batzuek utzi egingo dute taldea, eta beste batzuk fitxatu egingo ditu klubak. Ikusteko dago, ordea, zer aldaketa izango diren.