Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalerdia jokatuko du bihar Julen Alberdi Txikia IV.-ak. Ubiden (Bizkaia) jokatuko du lehia, Ugaitz Mugertza Mugertza II.aren kontra. 18:30ean hasiko da finalerdia, eta irabazlea abuztuan izango den finalera –ez dute zehaztu eguna eta lekua– sailkatuko da.
Hainbat lan egin beharko dituzte aizkolariek: lehenik, 45 ontzako enborra ebaki beharko dute erlojuaren kontra; segidan, 65 ontzako beste enbor bat; eta bukatzeko, bi 54 ontzako eta lau 60 ontzako.
Banakako Txapelketako bigarren finalerdia izango da biharkoa; izan ere, asteburuan jokatu zuten aurrena Iker Vicentek eta Jon Rekondok. Norgehiagoka hartan Vicente nagusitu zen, eta bera izango da lehen finalista.
Hirugarren eta azken finalaurrekoan, larunbatean Beizaman jokatuko dutenean, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga ariko dira aurrez aurre. Beizamako Illaunpe pilotalekuko lehia 18:00etan hasiko da.
Harrijasotze txapelketak
Aizkolarien finalerdiaz gain, harrijasotze lehiak izango dira bihar Ubideako pilotalekuan. Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa jokatuko dute Jokin Eizmendik eta Xabi Peñak, eta Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa, berriz, Udane Ostolazak.