Azkoitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatuta, Uda Haur eta Nerabeekin egitasmoan parte hartu dute herriko gaztetxoek. Ekainaren 29tik uztailaren 18ra, HH4 eta DBH4 mailen arteko 138 haur eta nerabek hartu dute parte ekimenean. Gazteria Zerbitzuak izandako esperientziaren "oso balorazio positiboa" egin du.
COVID-19arengatik Udazblai udalekuak bertan behera utzi bazituzten ere, gero, Gazteria Zerbitzuak egitarau haren ordezko bat garatzea erabaki zuen, gaztetxoek aisialdiko jarduerez gozatzeko aukera izan zezaten, segurtasun neurri guztiak beteta. "Azken batean, haurrek eta nerabeek elkarrekin egoteko benetako beharra zuten, konfinamenduan asteak eman ostean", nabarmendu du Esther Sudupe Gazteria Zerbitzuaren arduradunak. "Horretaz jabetuta eta bizi dugun egoera ikusita, antolatzaileok ahalegin berezia egin dugu jarduerak ditugun baliabideetara egokitzeko eta haurrei eta nerabeei aukera emateko lagun artean gozatzeko, udako egun beroak aprobetxatuz", gaineratu du.
Azken asteetako koronabirus agerraldien ondorioz, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekuak itxiarazi ditu. Halere, Azkoitian aurreko ostiralean eman zitzaien bukaera jarduerei; alegia, Osasun Sailak iragarritako murrizketak berriro indarrean sartu aurretik.