Euskal Aire Kirol federazioak eta Debagoieneko Amillena parapente taldeak antolatuta, Euskal Herriko Oinez eta Hegan III. Txapelketa jokatu zuten atzo, zapatua, Aretxabaletan. Aretxabaletako kiroldegi aurretik abiatu ziren 24 parte hartzaileak, eta parapentedun motxilak soinean, 900 metroko desnibela duen Aretxabaletako Kurtzebarri gurutzera abiatu behar izan zuten parte hartzaileak. Gurutzera igotakoan, antolatzaileek zehaztutako ibilbidea bete behar izan zuten parapentearekin hainbat balizak pasatuz.
Lehen baliza Orkatzategin zegoen kokatuta. Hainbatek zailtasunak izan zituzten baliza horretara iristeko. Ibilbidea egindakoan, berriz, Urkulun lur hartu behar izan zuten kirolariek. Helmuga Aretxabaletako kiroldegi aurrean izan zuten parte hartzaileek. Gorka Tornes soraluzearrak irabazi zuen proba, eta Enaitz Eizagirre azkoitiarrak bigarren postua lortu zuen. Eizagirrez gain, Iñigo Berasategi azkoitiarrak ere parte hartu zuen atzokoan.