Datorren asteazkenean hasiko dituzte Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko lanak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 16a, 10:33

Basarteko bidegurutzea.

Obrek irauten duten bitartean trafikoan eragina izango du. Gainera, lanek lau hilabete iraungo dutela aurreikusi dute.

Datorren asteazkenean, hilak 22, hasiko dituzte Basarteko bidegurutzean –Munategi parean– biribilgunea eraikitzeko lanak. Azkoitiko Udalak adierazi du horrela jakinarazi diola udalari Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura Sailak. Obren iraupena lau hilabetekoa izango da, eta "unean uneko lanen arabera" trafikoan eragina izango du. "Bidegurutzeko ohiko mugimenduren bat debekatu daiteke puntualki, baina aldaketak ondo seinaleztatu eta balizatuko dira", azaldu du udalak.

Obren exekuzioaz Excavaciones Peru S.L. enpresa arduratuko da, eta lanek 499.112,56 euroko aurrekontua dute. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, "puntako orduetan trafiko handia" ibiltzen den gunea da. "Biribilgunea beharrezkoa da oinezko zein gidarien segurtasuna bermatzeko, eta gune horrek puntu beltza izateari uzteko", azaldu dute.

Biribilgune berriak 42 metroko diametroa eta hiru adar izango ditu —Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia—. Horrekin batera, bi autobus geltoki eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak egokitzea aurreikusi dute. 



Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide