Uztailaren 25ean eta 26an Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute bigarren urtez. Zortzi zatitan banatu dute rallyarekin erlojupeko proba aurten ere, eta horietako bi Azkoiti inguruan egingo dituzte. Antolatzaileek rallya jokatu baino astebete lehenago jakinaraziko dute ibilbide zehatza. Hala ere, zapatuan Azkoiti inguruetan jokatuko dute lehen etapa eta Lazkaon, bigarrena, igandean.
Zapatuan, rallyaren aurreneko egunean, Azkoitiko Plazaberrin egingo dute ekitaldia, goizeko zatiak amaitutakoan. Lasterketan parte hartuko duten autoak bi aldiz igaroko dira banan-banan: 16:30ean lehendabizi eta 19:30ean gero. Lazkaoko Ikullu Razing Eskuderiak eta Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek antolatu dute rallya, eta Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Halaber, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute. Rallyaren informazio gehiago eskuragarri egongo da federazioaren orrialdean.
Oraindik ere izen ematea irekita badago ere, bi azkoitiarrek parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek: Ibon Beitia eta Iraitz Olariaga lehiatuko dira, eskualdeko beste askoren artean.
Segurtasun neurriak ikusleentzat
Koronabirusa dela-eta, antolatzaileek diote ez dutela nahi jende pilaketarik sortzea ibilbidean. Halere, ikusleek maskara jarrita egon beharko dute zirkuituan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu ezin bada.