Xarmaz eta bazter liluragarriz beteriko udalerria da Getxo. Bilbotik hogei minutura, metroarekin konektatuta, erakargarritasun turistiko handia du, hondartza paregabeak eta monumentuek eratutako ondare izugarria duelako. Hala, txango ahaztezin bat egiteko xarma handiko herri bikaina da.
Lurmutur paregabeen eta Nerbioi ibaiaren bokalearen artean kokatuta, bost hondartza ditu Getxok. Herrigunetik gertu, ondo komunikatutako eta guztiz ekipatutako haregune lasai-lasaiak topa ditzakegu; olatu handirik gabekoak, eguzkia hartzeko eta txonboa egiteko ezin hobeak. Horrez gainera, paseatzeko eta gertuko txosnetan freskatzeko aukera eskaintzen digute lekuok. Halaber, erdigunetik urrunago dauden hondartza basatiagoak ditugu aukeran, askotariko kirolak praktikatzeko aproposak, hala nola parapentea eta surfa.
Historia berezidun udalerria da Getxo. Horren erakusgarri da berton topa daitezkeen itsas tradiziodun etxeak eta burges dirudunen jauregi ederrak. Algortako Portu Zaharreko etxe zuri eta estuek itsasoari lotutako tradizioak gogorarazten dizkigute.
Bizkaia Zubiak –Gizatasunaren Ondarea (UNESCO 2006)– artelana dirudi, dituen edertasunagatik, kreatibitateagatik eta erabilgarritasunagatik. Bere lau dorreek 61 metroko altuera dute, eta 160 metroko oinezkoentzako zaldain batek elkartzen ditu.
Zubi horren eta Algortako Portu Zaharraren artean "Etxe handien paseoa" egiteko ibilbide ikaragarria dago. Etxe interesgarrion datuak ezagutarazteko askotariko panel informatiboak topa daitezke bidean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Getxotik abiatuta, gainera, Bizkaiko lekurik ikusgarrienak bisita daitezke, hala nola Bilboko Guggenheim Museoa, San Juan Gaztelugatxekoa, Urdaibai Biosfera Erreserba eta Gernika.
Getxoko Turismo Zerbitzuaren webgunean udalerrian lo egiteko lekuen eta bertoko eskaintza gastronomiko onenaren berri topa daiteke. Era berean, askotariko planak aurki daitezke, hala nola Antzeztutako Bisitak (sei euro) eta belaontzian joan-etorria (45 eurotik aurrera). Ikus webgunearen Zer egin atala.