Izarraizko Bira izeneko ibilbide zirkularraren seinaleak egokitu eta mapak egin ditu Iraurgi Berritzenek, eta gaur aurkeztu dute materiala Javir Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak. Herritarrek Izarraitz eremu naturalean aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko aukera izan dezaten, Izarraitz mendikate osoari magalaren erdialdeko altueran bira osoa ematen dion ibilbide zirkularra homologatu eta seinaleztatu du garapen agentziak.
PR GI-214 izeneko ibilbidea Azkoitiko Balda plazatik, Azpeitiko Izarraizko Atea parketik nahiz Zestoako Portaletik has daiteke, eta gune horietan informazio panelak jarri dituzte. Horrez gain, denborak eta distantziak jakinarazten dituzten geziak jarri dituzte ibilbide guztian zehar, baita marka horiak eta zuriak ere. Gainera, distantziari eta kartografiari buruzko mapa teknikoak osatu dituzte, eta turismo mapan sartu dute Izarraitzi buruzko informazio osatua.
Ingurunea, aisialdia eta turismoa lotzeko eskualde ikuspegiarekin gauzatu dute Izarraizko Bira proiektua, eta segmentu desberdinetara bideratutako turismo eskaintza garatzeko estrategiaren barruan sartu dute. Izan ere, bi helburu ditu proiektuak: herritarrei aisialdirako beste aukera bat ematea eta turismoa erakartzea.