Aurten zeharo desberdina izan da Aristerrazuko erromerien aldia. Izan ere, koronabirusa tarteko, antolatzaileek bide berriak aurkitu behar izan dituzte trikitizaleak asetzeko. Beste egitasmo askoren gisan, Aristerrazuko erromeriek ere Internetera egin dute jauzi; Arizterrazu Zuzenean egitasmoa martxan jarri zuten osasun krisialdian. Dena den, online eskaini dituzten saio horiek ere iritsi dira bukaerara.
Igande arratsalderako agurreko saio berezia prestatu dute. Hain zuzen ere, 2019-2020 erromeria denboraldian parte hartu duten trikitilari eta musikari guztiek parte hartuko dute saioan, eta hainbat azkoitiar izango da tartean, hala nola Josu eta Araitz Etxaniz, Laja, Izer, Larrañaga, Ansorregi eta Aintzane Agirrebeña.
Saioa streaming bidez eskainiko dute horiek eta beste hainbat musikarik, eta Facebookeko Arizterrazu Zuzenean orrian izango da ikusgai 18:30etik aurrera. Emanaldia hiru bat ordukoa izango dela aurreikusten dute antolatzaileek.