Aste honetan hasi dira San Juan futbol zelaiko aldageletan gas instalazioa ezartzeko lanak. Lan horien helburua da azpiegiturek gaitasuna izatea aldageletan erabiltzen den ura berotzeko; horretarako, egoera kaskarrean zegoen Gurelan enpresako espaloi azpiko hoditeria berrituko du Ur Kontsortzioak. Hain zuzen ere, 60 metroko tartean hodi harikorra ezarri eta lekualdatu egingo dute, eta lanen aurrekontua 35.144 eurokoa da.
Aldageletako gas instalazioak hobetzeko lanak, Azkoitiko Udalak eta Ur Kontsortzioak sinatutako hitzarmenaren barruan daude. Izan ere, hitzarmen horretan agertzen denez, Ur Kontsortzioak udalerrian urtero hainbat hobekuntza eta inbertsio egiteko konpromisoa hartu zuen. Lan horiek amaitzen dituztenean, gas galdara jarriko dute futbol zelaiko instalazioetan, egungo termo elektrikoak ez baitira gai aldageletan ur beroa bermatzeko. Lan horiek Climatizaciones Orio enpresak gauzatuko ditu, eta 59.772 euroko aurrekontua izango dute horretarako.